XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Eta zer ikusten du Jean Louis Etchecopar jaunak? Jendeak oro, holakoak eta halakoak direla, aberats edo pobreak, gaiztoak edo onak, buru bero edo tontoak, beldurti edo harro, denetarik nahastekatuz berdin, baina oroz gainetik geroz eta gehiago beren etxeko, auzoko, herriko edo herrialdeko erroetarik mozten ari, basa jakintza baten dirdira arin bat baizik ez dutela berdin berekin biltzar tokietan lehen aulkiak harturik ere.

Eta horra non gure Iruriko herri gizonak jakitatearen behar gorria xutik ikusten duen bere Xiberu maitean hainbatek eta hainbatek gogoa hegaldatua dutelarik sobera aise Pariserat edo Bilborat edo Baionarat, berdin mikorik ere ezagutzen ez duten ipar eta hego ameriketarat... beren egiazko herriari eta herritarrei bizkarrez jarriak!

Bazekien bai Jean Louis-ek dohain ederren jabe zela bere biziak eman zizkion ofizio eta harreman guztiengatik baizik ez bazen ere, berak maiz errepikatzen zuen bezala.

Hortakotz da doblezka lotzen Xiberuko herri bakoitzari tokiko historiaren leihoen irekitzen polikino, deus hautsi gabe, iraganari lotua den herri bakoitzaren hutsune oro argituz bere gisarat, baina zorroztasun kartsuarenarekin.

Baina historiaren zentzu guztiarekin, eta barnetik!, jakinik historian gure iragana hari askotan bildua dela eta ez bakarrik Euskal Herrikoetan...

Ez da harritzeko Xiberuan orok gutun ekarle-funtzionario gisa aspalditik ezagutzen zutenak bere entseguak eginik ere historia handiaren bidetan.

Harritzekoa horren idazkiak harrapaka eraman dituztela xiberutar askok eta haragokoek ere! Eta nire lantokian dudan bulegotik horren frogak maiz ditut ikusi eta zorionez gozatu ere.

Baina Euskal Herriko Basko handien jakintsuen kasta azkarrak ez dituzke gauzak berdin ikusi.

Jean Louis gizon suhar eta ezaguna zela bai hain segur Xiberuan (eta nor ez da hala-holako eremu ttipi batean?) baina ez zitekeela egiazko ikerlarietarik izan, Unibertsitateak izendatzen dituen horietarik! Hori da gaitza onartzeko!